XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), Paulinok azken asaltoa bota zuela uste zuen, baina heriotzaren aurresalara ailegatzea besterik ez zuen egin, azken asaltoek beti heriotzaren kuadrilateroan jotzen bait dute amaierako kanpanilla.

Polikiago, baina Julian ere zahartu egin zen otarrak egiten, maitasunaren gela ezagutu gabe, eta jadanik janaria prantatzeko edo ohea egiteko ere akiturik eta ebaindurik aurkitu zenean, norbaiten eskuetan jartzea erabaki zuen.

Hurbileko eta urrutiko senideek arreta berezia hartu zuten Julianen nahia betetzeko, eta lekaimeak ere etorri zitzaizkion etxera beren egoitzara joan zedin, baina Julianek, putreak zirela, odola txupatzeko piztiak, eta etxetik bidali zituen.

Ez zuen denbora asko behar izan, ez zuen senitarteko askorekin hitzegin behar izan, guztien arretaren iturria non zegoen zehazki asmatzeko.

Bere bizitza guztian milioi bat osatu zuen Julianek, eta arratsalde ahaztezin hartako Paulinoren hitzak gogoratzen zituen, diruak bere zirkunferentzia osoan sortzen duen lintzura lizunari buruz, eta nola azkenean, zahartutakoan, pertsona karroña bihurtzen den, eta nola putre anitz biltzen den inguruan azken arnasa noiz botako duen itxarotera.

Julianek milioi asko irabazten lagundu zion Paulinori, eta Paulinok bere aurpegiko ubelune, txapaltasun eta ildo bakoitzarekin ordaindu zuen, eta batez ere bere zahartze goiztiarrarekin.

Baina Julianek ez zuen imajinatu ere egin, milioi bakar bat osaturik, beharreko unean zaharturik, Ameriketako boxeoaren mafia ezagutu gaberik, Paulinok arratsalde ahaztezin hartan kontatu zion arte pozoina existitzen zela ere jakin gaberik, ez zuen imajinatu ere egin, memoria prestatu harekin, bizitzeko lan astun hori bere gainean inoiz hartu gabe osatu zuen (...).